“Gure belaunalditik maila gorenera iristeko aukera izan duen lehendabizikoa izan naiz, eta hori niretzat urguilu bat da”

Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1987). Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi du EHUn, eta egun kazetari lanetan aritzen da. Igeldoko, Hernaniko eta Santutxuko bertso-eskoletan ibilia da. Bigarren egin zuen 2007ko eta 2011ko Gipuzkoako Txapelketan. Txapelketa Nagusian bi aldiz hartu du parte, azkenekoan, finalera iristea lortu zuen.

Nolakoak izan ziren zure hastapenak bertso munduan?

Gu Añorgakoak gara, Donostia kanpoaldean dagoen herri txiki batekoak. Donostia garai horretan ez zen eremurik egokiena euskaraz hitz egiteko. Añorga euskaldunagoa zen, hala ere, gure aitak bazuen kezka hazi gintezela euskaldun, hitz egin genezala euskaraz. Horretarako, gu jaiotzean, Usurbilgo bertso-eskolan izena eman zuen eta etxera etortzen zen bakoitzean bertso zaharrak kantatzen zizkigun. Nik ume-umetatik segituan ikasten nituen, eta apurka-apurka hitzekin jolasten hasten nintzen. Zazpi edo zortzi urte nituenerako, urtebete gutxiago duen anaiarekin puntuka aritzen nintzen. Hamaika urte betetzean, bertso-eskolan apuntatu nintzen eta ordutik egin dut honainoko bidea.

Jada bertsolaritzan murgilduta badaramatzazu urte batzuk, ibilbide honetan zehar zer nabarmenduko zenuke?

 Batetik, ingurua. Azkenean, bertsoak jende berri bat ezagutzea ahalbidetzen dizu, inguru berri batean ibiltzea. Alde horretatik uste dut pribilegiatu batzuk garela, izan ere, gure adineko jendeak ezagutzeko aukera eduki ez duen esperientzia mordo bat ezagutzera iritsi gara. Gainera, Euskal Herriko eremu osoan ibiltzeko aukera izan dugu; azken finean horrek, hizkuntzaren lurraldea ezagutzeko aukera ematen dizu, seguraski beste jende askok ez daukana. Bestetik, bertsoak eskaintzen duena da, barrutik hustutzeko aukera, baita zeure burua estutzekoa ere. Nire kasuan, bertsorik izango ez banu, ez nituzke bertsoekin ateratzen ditudan gauza asko aterako. Baina, orainarteko ibilbidean gehien bete nauena, plazako ibilbidea izan da.

Bertsolari batengandik zerbait hartzekotan, zer hartuko zenuke eta zeinengandik?

 Bertsolari askorengandik hartuko nituzke gauzak. Esate baterako, Maialen Lujanbiori, bere buruari eta munduari galderak egiteko daukan modu hori hartuko nioke; Uxue Alberdiri, mundua ikusteko daukan posizioa; Amets Arzallusi, bertsoaren barrutik datorren indar hori, zeren ematen du ez duela bertsoa pentsatzen, baizik eta bertsoak pentsatzen duela aldiro bera; Andoni Egañari, egoera guztietara egokitzeko duen gaitasuna; Aitor Mendiluzeri, teknika. Denei hartuko nieke zerbait. Askotan pasatu izan zait txiki sentitzea hauen aldamenean, bakoitzak bere ahots propioa du, bere ezaugarriak ditu, eta ikusten duzu zure burua lausoago edo laino tartean zabiltzala oraindik. Ez dakizu oso ondo bidea nondik egin, zalantza asko izaten dituzu; eta horrelakoetan, inbidiarik ez, baina betidanik sentitu izan dut bertsolari hauengandik ikasi eta hartu nahia.

Be_at_Gaztelumendi-300x198

BEC-en azken agurra kantatu aurretik, Josu Goikoetxeak bultzaka datorren belaunaldiaren ordezkaritzat hartu zintuen. Zer sentitzen da horrelako piropo bat jasota?

Bai, polita da niretzat. Orokorrean, Euskal Herriko Txapelketa osoa izan zen polita, eta hori esatea ere bai. Hasteko, belaunaldia zer den ikusi beharko litzateke, adibidez, Amets, adinez izan daiteke nire belaunaldikoa. Baina uste dut, bertso esperientziaz bagaudela belaunaldi bat antzeko bizipenak izan ditugunak, eta orain ari garenak burua pixka bat ateratzen. Horien ordezkari ez naiz sentitzen, bai sentitu naizela belaunaldi horretatik maila gorenera iristeko aukera izan duen lehendabizikoa, eta hori niretzat urguilu bat da. Aldi berean iruditzen zait, batetik, beste asko ere iritsi zitezkeela eta gauza asko pasa direla ni iritsi nedin; eta bestetik, asko partekatu dudala jendearekin eta partekatu dudan horretatik ikasi dudala. Orduan, pentsatzen dut han ikusi ninduten belaunaldi kide askok beraien burua ere ikusiko zutela, eta nik kantatzen nituen gauzetan ikusiko zituztela beraiek kantatzen zituztenak.

Bertsolaritza gaur egun nola ikusten duzu? Eta etorkizunean?

Orokorrean, mugimendu bezala, oso momentu onean ikusten dut. Garai batean, Bertsozale Elkartea sortu zenean, helburua zen belaunaldien arteko transmisio hori gauzatu zedila, eta uste dut hori gauzatu dela. Gainera ikusten dut, bertso udalekuak eta hezkuntzan bertsolaritza irakastea bezalako proiektuak sendotuta daudela. Horrek ekartzen du jende askok beraien bizi esperientzian bertsoa oso txertatua izatea, eta jende askok lagun taldea egin izana bertsoaren inguruan. Azken honek, etorkizunean transmisioa gertatzea bermatzen du. Bertsogintzari dagokionez, uste dut gure aurreko belaunaldia iritsi dela aurretik egon ez garen puntu batera. Askotan, beti eskatzen da datorren belaunaldiak aurrekoa gainditu behar duela; ez dut uste hori beti posible denik, ezta antsietate horretan bizitzea ona denik ere. Baina, iruditzen zait pribilegiatu batzuk garela, tokatu zaigun garaia bizitzea tokatu zaigulako.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s